MANEX ERDOZAINTZI

EUSKAL BILLERAK HAZPARNE'N (Uztallaren 23-28)

Jakin, 4. zk., 1957, 80-84. orr.

Eskualdun ixtudianten

hamargarren egunak Hazparnen.

Zonbait gogoeta.

"EMBATA" eskualdun ixtudianten batasunak bere hamargarren egunak egin ditu aurten Hazparnen-n. Ez zen Lapurdiko probintzian, Hazparne bezain herri pollitagokorik, egokiagokorik, eskualdunagokorik hautatzen ahal. Duela hamar urte, Hazparnen egin ziren eskualdun ixtudianten lehen egunak. Hazparne-n bizi diren langile eta laborariek eskuara badakite eta mintzatzen dute, badakitelarik alta frantsesa nehor bezain untsa! Bainan ez dute eskualdun izaiteaz ahalgerik. Noiz artino begiratuko ote dute beren eskualdungoa garbi eta sano? Agian geroago eta hobekiago. Agian ere geroago eta azkarkiago, Hazparne-ren inguruan aurkitzen diren harriak beren eskualdun izaitean eskualdunago izanaraziz. Ez goatzi kundatzerat nola iragan diren egun horiek. Bakarrik zonbeit gogoeta egun eder horietatik landa, hor intzun mintzaldi eta ibili solasaldietarik landa.

Badu orai hamar urte "EMBATA", eskualdun ixtudianten batasuna, asmatua izan zela. Batasun horrek algarretaratzen ditu Frantziako Unibertzitateetan (Parise, Bordele, Tolosa...) beren eskolen egiten ari diren ixtudiant eskualdun gehientsuenak, maleruski ez denak. Oharturik geroago eta gehiago bazirela Eskual-Herriko haurrak Unibertzitateerat zoatzienak, beste asko herrialde eta eskualdeetako ixtudianten gisa, eskualdunak ere pentsatu zuten batasun baten moldatzea, nahiz Eskual-Herriko indar eta baliotasun hoberenak bildu eskual-jendearen geroa preparatzeko eta segurtatzeko. Bere hastapenetik orai artino "EMBATA"-k moldatu ditu, urte guziez, bakantza haundi denboran, eskual ekonomiari eta kulturari buruz zoatzin egun zonbeit. Nahi baldin badugu zerbait ongi egin ez ote ditugu egungo arrangurak aztertu behar? Oraiko behar-orduak ez dire nihundik iragan mendeetako behar-orduak. Mende berri hunek sorarazi ditu problema berriak. Problema berri horier beha gaiten, beldurrik gabe eta entsega heien hobekiago ezagutzerat. Egun horietan, Eskual-Herriko jakintsun eta buruzagiak lagun, ixtudiantek elgarri ezagutarazten dituzte Eskual-Herriaren eta eskual-jendearen geroaz beren baitan dakarzkaten griña eta arrangurak. Bai Eskual-Herriko ekonomiaz, bai eskual-hizkuntzaren geroaz mintzatu zauzkigu aurtengo hautatuak izan diren jakintsunak: LEIZAOLA, LAFFITE, GAXITEGI, ERREKART... Aipatu daukute zer egin ahal ginduken... bide eta xendera zonbait ere erakutsi... Denek, bakotxak bere sail hartan, erakusterat eman daukute, klarki eta garbiki, Eskual-Herriaren geroa bai ekonomian, bai kulturan gure eskuetan zagola. Arren nolaz ez ditake gure eginbidea beharrien idekirik atxikitzea? Begien zabalik begiratzea? Izpiritua erneago ukaitea eta eskuak zaluxago paperaren gainean finkatu planen obratzeko?

Lurraren gainean sortu diren edo sortzerat doatzin erresuma guzietan aurkitzen da "hautuzko jendetze" bat, erdaraz erraiten den bezala "une élite". Badakigu zonbeit gizon aski direla mundu baten harrotzeko, inarrosteko; heien baliotasun eta jaidura on eta txarren arabera doala mundua harat eta hunarat, itxasoaren moimenduaren idurira. Gertakari horrek erakustera emaiten dauku "hautuzko jendetze" horren inportantzia eta behar-ordua erresuma eta eskualde baten kudeatzeko bere etorkizunean. Eskualdun ixtudiantek, Eskual-Herriko jakintsun, buruzagi, laborari eta langileekin eskuz-esku bat eginez "hautuzko jendetze" hori asmatu gei dute Eskual-Herria kudeatzeko bere ekonomiaren eta kulturaren etorkizunean.

Ekonomia sailean, hor ditugu laborariak eta langileak beren arrangura, griña eta behar-ordu berrien salatzeko. Hor ditugu ingeniorak gure kontseilatzeko. Ez da dudarik laborantxa, artzaingoa eta arraintza ez direla aski izanen geroan Eskual-Herriko semeen hazteko. Zerbait gisaz, lehen bai lehen, gure induztria beharko dugu haundiarazi, induztria berri batzu sararaziz, Gipuzkoan eta Bizkaian aspaldi huntan egin dituzten bezala. Berma gaiten denbora utzi gabe iragaiterat. Gisa hortan Eskual-Herriko gaztek, Landesetako eta Biarnokoek bezala beren eskualdean aurki lezakete beren bizitzekoa Ameriketarat eta Frantziako hiri nagusietarat ihes joaiterik gabe. Eskapatzerat utzi behar ez dugu okasione baitezpadazkoa gure Eskual-Herriaren bere mugetarik gaindiarazteko. Landes eta Biarno eskualdekin batetaratu beharrez, ber intresen eta aberastasunen zaintzeko, ber ekonomiaren ukaiteko! Induztria berri hori eraiki denboran, ez ginduke ez lo egon behar. Geroa behar dugu preparatu, orai danik entsegatuz Eskual-Herriko gazten sararazterat lekuko lantegi eta uzinetan, langile estranjerak eta arrotzak utzi gabe hutsik dauden lekuan hartzerat. Bertze eginbide bat ere guri dagokiona gazte horien gogo-bihotzen preparatzea beren bizi berriari buruz. Orduan laster ohartzen gira zer inportantzia hartzen duen eskual-kulturak gazte horien altxatzeko eta eskolatzeko. Ikusten dugu zonbat behar giren ernatu eskual-kulturaren eragintzeari, ezen kulturaren barnean  beita hazten gizonaren gogoa, pizten haren adimendua, gizonari emaiten munduaren eta lurraren gainean bizi diren guzien behatzeko manera. Kulturaren barnean beita ere loretzen gizonaren izaitea, sustut eskual-kultura bezala girixtino hatsaz berotua delarik, girixtino indarraz betea delarik, girixtino biziaz bizitua delarik. Ez da eni erraitea zer egin behar litaken eskual-kulturaren eragintzeko. Anitz lan eta entsegu egiten da zazpi probintzietan. Moimendu haundi bat bada zonbeit urte hotan abiatua mundu guzian bizi diren eskualdun guzien artean; oldar berri bat itxaropenez betatzen gaituena. Geroago eta ugariago agertzen zauzkigu eskuarazko errebixta eta kasetak: "Eusko-Gogoa", "Gure Herria", Egan", "Herria", "Gazte", "Etxea", "Anaitasuna", "Zeruko Argia", eta Pariseko "Elgar"...; edizione berriak eraikitzen dira bai Ameriketan, bai Gipuzkoan... Jarraik gaiten moimendu berri horri; sar gaiten oldar berri hortan eskual-jendearen geroa segurtatu nahiz, guhauren izaitearen iraupena eta osotasuna bilatu nahiz.

Halere uste dut hobekiago litakela zazpi probintzietako eskualdunek gehixago elgar adi bagindeza, gure indarrak sobera debaldetan enplegatu gabe, ELISSANBURU[k] dion bezala "ARBASOAK" deritzan bere kantu ederrean:

"Anaiak gaituk eskualdunak;

"Orai ere, oxala

"Jartzen bagine "guziak bat"

"Lehenago bezala!".

Gogoak ez dezake ukan mugarik. Gure gogoa dugu zabaldu behar eta biziaren oldeari erne atxiki. Orduan ohart ginazke lehengo mendetan gizonek eraiki zedarriak lurrerat doatzila, edo, preseskiago, airez-aire gaindituak direla: Parisetik, Tokyo-n, edo New-York-en edo munduko hiri urrunenean zonbeit orenen buruan izaiten ahal gira. Atomikaren mendean bizi girela nola dezakegu ahantz? Mundua ziuntan badoala naolaz ez ginezazke ohart? Alta ez gire izitu behar. Gure gogoak behar du izan munduaren izariko edo, hobekiago, munduaren izaria baino doi bat haundiago, mundua bere osotasunean jasaiteko gisan, Jainkozko so batez gizon eta gauzak behatzeko, inguratzeko eta jujatzeko gisan. Munduaren izaria baino doi bat haundiago, munduaz itoa ez izaiteko gisan; bere azkatasunaren jabe egoiteko gisan eta Jainkoaren erakaspenaren arabera bere izaitea egiteko gisan. Ezen gure arrangura premiatsuena, gure griña samiñena gizonaren salbatzea beita atomikaren mendean, eta, berezikiago, gure sor-herrian eskual-gizonaren salbatzea atomika-mendeak emaiten dion bizimodu berri huntan.

Eskualdun-ixtudiantak eginbide horri ohartuak dira eta hortakotz dira elgarretaratu batasun batean, beren indarren biltzeko, elgar sustatzeko. Agian, geroan, hamar urte dituen batasun hori haundituz joanen da. Agian, geroan, batasun hori azkartuz joanen da, bere eginbideeri jarraikiz eta bere xedea kunplituz Eskual-Herriaren eta eskual-jendearen onetan. Eskualdun guziek behar dute lagundu "EMBATA" eskual-ixtudianten batasuna; ez bakarrik begi onez behatuz, bena ere nork bere tokian, bere etxean, bere eskolan, bere herrian, bere eskualdean eskualdungoaren alde obratuz; nor berak, zerbait gisaz, parte hartuz eskualdun ixtudiantek hasi eta jarraikitzen duten sail hotan. Kaskoz eta eskuz, denek bat eginez, bakotxak bere sailean bere jakitatearen eta ahalen arabera, zer ez gindezake egin? Beti gerorat utzi gabe egun egin beharra, berma gaiten gure eskualdun eginbideen betatzeari. Batzutan, arteño bat badukegularik, har dezagun eskuetan "AXULAR"-en "GERO" eta irakurt liburu mamitsu hortako lehen kapituluak. Orrialde horietan hatzemanen dugu anitz erakaspen maiz gogoan erabili behar gindetzazkenak. Huna orrialde horietan hautatu zatiño bat:

"... kalte guztien gaiñeko kaltea, alferkeriatik eldu den andiena, zeñi narraikola erran baitut nik oraiñokoan erran dudan guztia, da luzamendua, 'gerotik gero'ra ibiltzea. Zeren nagi-alferrak eztu bein ere erraiten 'egun'; beti 'bihar', beti 'gero', beti 'luzamendu'. Alfertasuna da 'gero' guzien iturburua, zimendua eta ama, egiteko guztiak 'egunetik biharrera, presentetik etorkizunera, eta gerotik gerora' luzatzen dituena. Eta ama hunen alaba haur, nagitasunetik eta alferkeriatik sortzen den  'gero' haur, da gure galgarria, gure izurria, eta egundaiñotik gure etsai deabruak gure enganatzeko ediren ahal duen biderik eta arterik oberena, finena eta seguruena.

Beraz guk ere 'gero' huni eduki behar diogu begia.Hunen gureganik kentzera, urruntzera eta etxetik ateratzera behar dugu gure indar guztiaz eta antzeaz entseiatu, permatu, deliberatu; eta egun egin behar dugun gauzarik eta ahal daikegunik, ez biharko luzatu."

(GERO, IV argitara-aldia
Zarautzen 1954,18-gn orrialdean)

Artetan, zendako ez egin gogoeta zonbeit lehengo mendetan bizi izan diren eskualdun zintzo eta ospetsu horiekin? Beharba beren buru zabalaren barnean balukete guri zer erakuts eta ixilik daukaten mihi puntan guri lau egia erraiteko!

Arnaud Erdozainzy-Etchart (ofm)
ORSAY-ko teologari (FRANCE)

<< Artikuluen zerrendara itzuli

Gipuzkoa.net
2011 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Creative Commons