MANEX ERDOZAINTZI

PIARRES LAFITTE JAUNARI OMENALDIA

Herriz-Herri, 131. zk., 1983ko maiatzaren 26a, 8. or.

Bere hilabeteko biltzarrearen ondotik, Mendekoste astelehenean, maiatz honen 23an, 11ak eta erdietan, Euskaltzaindiak egin dio Piarres LAFITTE Jaunari bere omenaldia Uztaritzeko Herriko-Etxean.

Beñat DASSANCE, Uztaritzeko auzapezak Euskaltzaindiari eskaini dio bere herriaren agurra. Luis VILLASANTE, Euskaltzainburuak erantzun dio eta gero, hitz laburrez, erran du elkarretaratze honen helburua: Euskal-Herri osoaren izenean Euskaltzaindiak LAFITTE Jaunari erakutsi nahi ziola bere atxikimendua, gure herriaren alde egin duen lan baliosarentzat. Mintzaldi luze, eder eta sarkor batean, J. HARITSCHELHAR Jaunak aipatu du LAFITTE jaunak urte luze eta dorpeetan, batez ere euskararen inguruan lantu duen saila eta, irakasle bezala, moldatu izan dituen ikasleak. Hauen kopurua ez da ttipia, eta, hiruetan hogoi bat bederen, ainitzak goi-mailako istudioak eginik, hitzartu dira, bakoitza bere jakintzan eta moldean, liburu mardul bat egiteko: IKER 2, Euskaltzaindiak Gipuzkoako Diputazioaren babesean argitaratu duena eta LAFITTE Jaunari eskaini diona. Obra hontan, asko aldetatik gehienik eta jakitatez ikertua den gaia, hau da: HIZKUNTZA ETA LITERATURA.

Bere mintzaldian, bere burua arrunt Uztaritzekoa zaukala erran ondoan, LAFITTE Jaunak azkar azpimarkatu du liburu hontan argitaratu diren lanen garrantzia: bai jakintzaren eremu eta metodoen aldetik, bai euskarak hizkuntza mailan hartu duen toki baitezpadakoarengatik. Langile jakintsunak, erneak, argiak, nonbre handian baditu gaur euskarak bere geroa urratzeko eta finkatzeko: honek du gain-gainetik pozten LAFITTE jauna bere 83 urtetan.

Omenaldi honen kariala egin da ere Euskaltzaindiak izendatu Iparraldeko euskaltzain urgazle berrien sarrera: Beñat GOITY, Xarles VIDEGAIN, Beñat OYHARZABAL eta Manex ERDOZAINCY-ETCHART.

Hots, biziki jenderekin, egun eder bat: geroari begira gaurko borrokak aintzina jarraitzeko.

<< Artikuluen zerrendara itzuli

Gipuzkoa.net
2011 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Creative Commons