MANEX ERDOZAINTZI

UZKUR-MINA

Herria, 1956ko ekainaren 7a

Hori da gizamenaren min bat: jendartean bethi ttipi iduritzen zaion jendearena; egia bere baithan gakhoturik atchikitzen duenarena. Badire presuna batzu, nor nahi bezain gisako argitu, jakintsun, besten arterat gioz bethi iduritzen beitzaiote denak beno ttipiago direla ala jakitatez, ala gizontasunez eta bazterrian beitaude, ihes eta mutu, ahoaren zabaltzerat ezin menturatuz. Beldur dire makhur mintzatuko direla; erranen diuzten elheak alfer izanen direla edo heien aburuak ez duela aski kanorerik, Uzkur daude, beren uzkurtasunean ithoak; indarrak galduak. Horra orduan "Egia" ostikatua eta gezurra nausitua. Uzkurtasuna min bizia: gizontasunaren mina; gizontasuna bere zabalkundean baratzen duen, osotasuntzeko bidean trabatzen. Ez da itchura bat, bainan baitezpadako min bat, gizamena zeiharkatuz, gezurtuz deramana. Ohar gaiten gutarik bakotchak gure baithan dakharkagun gaitz horri; aztert dezagula hobekiago ihardokitzeko.

OROTARAT HEDATZEN

Badire gizaki batzu nonbrez guti eta eremu hertsiren jabe direlakoan beste gizakiak baino ttipiago, ez deusago direla iduritzen zaiotenak: hori ere uzkur-mina, presuna batetarik gizaki oso batetarat hedatua. Eskualdunak ez gira beharba oraiko egunetan gizaki haundi bat, eta hortakotz uste dute Eskualdunek, batzuek segurik (soberachkok), beste gizakiak beno ttipiago girela eta halako ahalge batek bezala hartzen gaitu Eskual-Herritik kanpo bagoatzilarik. Burjes seme zonbeiten uzkur-mina gaizkon duenena: ezen bas-herritarrak beno atrebituago direlakoan (ustelkeriaz), badakitelakoan frantsesa edo espagnola mintzatzen, iduritzen zaiote gizonen arteko mail gorenenerat helduak; chamarraz bezala eskuaraz buluzten dire eta beren sor-enda arnegatzen. Alderatze hori aise egiten dute, ezen ez baitute sekulan ukhan beren Aita-Amen ganik eskual-gogoaren mamia; eskuara ez baitute ikhasi ukhan; eskolan gogoa untzi atzean moldatu beitiote. Burjesek eskuara mintzatu balute, nahi ukhan balute begiratu, egungo egunean Eskual-Herriko hirichka gehientsuenetan eskuara adituko zen mintzatua eta ikhastegietan erakutsia. Bainan!... Beren larrua bezala, nahi ala ez, eskualdun deithura baderamate salhatatzaile, beren buruaren akusatzaile ere!

Laborari eta langileen uzkur-mina langileen araberakoa: bertzen phetzerotasunaren phizuan luzaz hertsatuak egonik, uste dute ez direla aski argitu, erne (aladere jakintzaren gaietan guti ibiliak), bertzen artean agertzeko. Beha ere orai menturatu dira eta abiatu eskuin eta ezker jakitate, ezagutza gose. Gehiagok behar dute ausartatu bertze eskualdetako jendekin kurutzatzerat, solastatzerat, bethi beren izaitean eskualdun egonez; beren Herria maitatuz. Ameriketarat (duela zonbeit aste 30 bat gazte! Zer kolpia Eskual-Herriarentzat! Zer atsegina sos biltzale jaunttoentzat! eta eskualdun semeak bethi phetzero...) edo Frantziako hiri nausietarat, joaiteko orde beren sor-herri chumea nahiko dute lanthu, aberastu, azkartu, eremuz zabaldu.

BAGILERA (sic) NORBEIT

Eskualduna! Izan zaiten burjes, laborari, langile, jakintsun ala ikhastegietako ichtudiant, behar duzu jakin gizaki bat ez duela nonbreak egiten, are gutiago eremu zabalen jabegoak. Zerk beraz othe du egiten gizaki baten izaitea? Zerk othe du hazten haren hedamenaren erroa? Zer phastaz egina othe da haren Norbaitasunaren mamia?

Gizaki baten izaitea egiten du endak (arrazak); [h]izkuntzak; tokiak; arzondetzeak. Nundik eta noiz Pirenen Mendebalerat ethorri den eskual-enda? Ez dezakegu erran. Bainan Eskual-Herriko kharbe ziloak ikhertu diuzten jakintsunek (Arantzadi, Barandiaran, Laplace-Jauretche...) erraiten daukute eskualde huntan gizona bizi zela Paleolitiko hastapenetakotz (duela 14.000 urthe) eta Barandiaran Jaunak dio eskual-arzondetzeak ezagutu zuela bere sortzea denbora hoietan. Geroztik, enda suerte guzietaz kurritua, baztertua, gudukatua, kotsatua izana gatik, oraiko denboretan, guk Eskualdunek moldatzen dugu enda bat berezia ala gure gorphutzaren zer bereziez partikulazki odolaz); ala izkuntzaz, ala arzondetzeaz. Aspaldikoak gira; orai ere bagira. Ez dezagun ahantz. Ez dugu uzkur izaiteko zerik.

Eskualduna ez da eskualdun bakharrik Eskual-Herrian, eskualdun da nun nahi, munduko leihor gordenean, urrunean kokatua izanikan ere. Eskualdun, odolez bezala, bere gogoaz; asmatzeko moldeaz; bere antze eta dohainez. Eskualdun, gorphutzari olde emaiten duen arimaz; izamenari molde emaiten dion sinhesteaz. Jainkoak amodioz egin gaitu gorphutz eta arima, gizakika elgarretaratu; nahi ukhan gaitu eskualdun eta nahi gaitu bere erakaspen joriaz gure izaitean osotu, ez mundu huntan bethikotz jartzea gatik, bainan geroko bizitzean Eskualdunak izan gaitezen, Jaun Goikoaren eskualdunki goraiphatzaile, goresle. Izan gaiten gure buruaren jabe; gure norbaitasunaz hartuak; eskualdungoaz bihotzeraino betheak. Gure izaiteak, eskualdunen izaiteak badu ikhur bat: leialki jarraik gitzaiola. Uzkurtasunez, ezazolkeriaz, funts gabez ez utz endurtzerat eta ahultzerat gure baithan dakharzkagun dohainak. Khasu uzkurreri: beren buruaren kontra ari dire; eskualdungoaren mamiaren kontra.

Ager gaiten giren bezala; eskualdun oso, ahalgerik gabe, arrotzen irri edo mehatchuri khasurik egin gabe, geroari beldurrik gabe itzuliak. Bertzen trufa aireak tanpez ichilaraz ditzagun, nausi agertuz gizontasunez, zintzotasunez, zuhurtasunez, zintzotasunez, zuhurtziaz, gure kulturaren hedamenaz, gure jakitatearen barnatasunaz: horriek ederrenak. Jainkoak emanak, arthatu behar ditugunak eta zohiarazi. Horrela dugu gure gizontasuna osatzen, eskual-enda indarrez gothortzen, haren zabalkundea ezin jauzi arazizko zimenduetan finkatzen. Jainkoak gomendatzen dauku Eskualdungoaren geroa; guri, eskualduneri, gure eginbidea arthoski bethatzea. Ahulak, beldurtiak. uzkurrak hobendun izanen dire. Elhe sobera, egintza guti. Hobe ichiltasuna: gogoeta egiteko, gure eginbideaz ohartzeko eta haren konplitzeko.

Behar da denbora. Ardurenik, zerbait egiteko ikhusten dugularik, presaka ernatzen gira egitera, batere den mendren gogoetarik egin gabe, norbaiten aburua galdegin gabe. Presatuki egina, bethi zilintzan dago. Behar da onhartu denbora. Zeren gauza guziek behar dute behar den astia aztertuak izaiteko, itzulingunguruetan ikhertuak, batetaratuak, ondikotz egintzatuak.

Behar da ere aphailamendu. Eskualdungoaren alde badire ainhitz oldar eskuin eta ezker; bainan buruak eskas direlakoan frangotan indarrak debaldetan enplegatzen dire. Denek, beren ber zerbait egin nahi nork agerkari bat argitaratu, nork-josta-dantzari andana bat moldatu, nork hau eta hura... bainan beharrena bazterrerat uzten: eskual-gogoaren haztea. Badakigu, segurki ainhitz traba denetan agitzen dela. Bainan balitz aphailamendu bat azkarra, eskualdungoari errotik emana, egin ahal liteke ainhitz gehiago eta bereziki ez litezke hoinbertze indar, entsegu balios eta aiphagarri debaldetan gal, hoinbertze batasun, laguntza eskasez, etsituak eror. Balitz hedakunde bat ordreski antolatua eskuarazko irakurgaiek ezagut lezakete arrakasta gehiago, segur gira jende chehearen artean ere. Eskual-kulturak ezagut lezake oldar berri bat; ez liteke ahurtara jakintsun edo gizon argitu zonbeiten jabegoa bakharrik, edo sosdun zonbeiten liburutegien edergailu gisa... Kultura bizi bat liteke eskualdun guzien meneko (chehe ala hau[n]dien) gogoaren asegarri, gozagarri, argigarri; eskual-izamenaren ithurburu. Hori eskualdun guziek nahi ukhan behar dugu eta nun nahi izanikan ere bakotchak behar dugu izan eskualdungoaren hedatzaile, irakurgaiak barreatu, abonamenduak eginaraziz, eskual-biltzar eta mintzaldieri jarraikiz, eskualdungoari doakon zerbait batasunetan pharte hartuz, izanez sustatzaile, onhartuz aphailamendu bat. Gure gogoetak ez ditela egon aments; gure elheak ez ditela izan huts; gure idaztiak ez ditela gorderik egon.

Izan gaitela, Eskualdunak oro phindar eta indar. Jauzaraz ditzagun gure berekoitasunezko zedarriak, aurthik gutarteko mugak. Gogoak ez du mugarik. Nahikundeak ez du trabarik ezezta ez dezakenik. Nahikunde handizko gizonak izan gaitela. Zabal gogoa!

Ager burua! Adi-arraz bazter guzietan Eskual-deia. Eskual-aneiak, izan gaitela bethi gure eskuadungoaren jabe. Eskual-phindarra sar dadiela bihotz guzietan, soraraz dezala Eskual-su bat gaitza, erra ditzan uzkurtasunaren pare gizonaren eta gizakien suntsitzeko sorthu diren eta sortzen diren bertze ainhitz gaitz eta traba.

Ghezo, Abomey'ko erregeak zion bezala:

"Eskuak elgarretarat bildurik, Erresumako seme guziak ethortzen balire zilokatua den pegarraren tapatzerat, Herria salbatua liteke."

M. OSTOGIA

<< Artikuluen zerrendara itzuli

Gipuzkoa.net
2011 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Creative Commons