MANEX ERDOZAINTZI

Literatura

Manex Erdozaintzi-Etxartek liburu gutxi kaleratu zituen bizirik zela, bi baino ez : Hinki-hanka (Elkar, 1978) olerki bilduma eta Gauaren atzekaldean (Elkar, 1982) eleberria. Beste bi haren heriotzaren ondoren argitaratu ziren, aspalditik idatziak zituen izkribuak berreskuratuz : Herri honen erraietan (Maiatz, 1985) eta Bizitza pilpirak, Nafarroari poema irekia, Herri honen erraietan (Maiatz, 1994), olerki liburuak horiek ere. Olerki horietako asko garaiko euskal aldizkari nagusienetan agertu eta ezagun egin ziren (Olerti, Gazte, Ager, Egan, Herria, Zabal, Herriz-Herri, Euzko Gogoa, Elgar...).

Baina Manexen literatur produkzioa ez da horretan amaitzen. Liburu eta aldizkarietan argitaraturik ikusi ahal izan diren idatziez gain, olerki eta testu multzo handi bat heldu da gure eskuetara, autoreak urteetan zehar gorde eta inoiz kaleratu ez dituenak ; batzuek argitaratzeko prest dirudite, beste asko amaigabeak dira, zirriborroak, olerki oso izatera heldu ez ziren zatiak eta ideiak… Horiek guztiak biltzeko eta aztertzeko aukera izan dugu, eta hona ekarri ditugu, Erdozaintziren literaturgintzaren ikuspegi osoa eta zabala eskain dezaketelakoan.

Agurtzane Ortiz Lopetegi

Iturria: Manex Erdozaintzi-Etxart. Bizitzaren eta literaturaren konpromezua, Doktorego tesia. Argitaragabea. UPPA, Baiona, 2004.

Gipuzkoa.net
2011 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Creative Commons